Donapeako Oinarrizko Mailako ikasle eta irakasleok, Nafarroako Gobernuko Memoria duten eskolen sarean barna, aurtengo Askatasunaren botilen martxan parte hartu dugu, Ezkaba mendia-Sorauren, eta Sorogain-Urepel artean (225-Ibilbide Luzearen lehenengo eta azken etapa, hain zuzen ere).
1938ko maiatzaren 22an, Espainian Gerra Zibila hasi eta handik ia bi urtera, Ezkabako Gotorlekutik, Errepublikarekiko leialak ziren 795 presok ihes egin zuten Frantziako (Iparraldeko Urepel) mugara iristeko asmoz. Frankistek, iheslarietako 206 harrapatu eta bertan hil zituzten, eta gainerako gehienak ere preso hartu zituzten, hiru izan ezik, horiek lortu baitzuten beren helburua, hamar eta hamalau egun bitarteko ihesaldi epiko baten ondoren: Jovino Fernández, José Marinero eta Valentín Lorenzo, CNTko eta UGTko sindikalistak.
Iheslariak oroitzeko asmoz, gure ikasleek, iheslariek egindako lehenengo eta azken etapak (225-Ibilbide Luzea) egiteko parada izan dugu. Ikasleek, martxak egin bitartean, botilak garraiotu dituzte. Botila horietan, ikastetxe bakoitzean egindako lanak ziren. San Kristobal gotorlekutik garraiatutako askatasunaren botilak, Behe Nafarroako Urepeleko eskolako umeei eman dizkiogu eta ihes egindako presoen oroimenaren aldeko ekitaldi bat egin da, Nafarroa Garaiko ikasleen eta Behe Nafarroako Urepeleko eskolako haurren parte-hartzearekin. Jarduera honek, Memoria, etorkizun hobea eraikitzeko balio behar duela erakusten du.

