Nafarroako hiru ikastetxek, tartean Donapea IIPk, mugaz gaineko Lanbide Heziketako Forma NAEN proiektuan parte hartzen dute. Aurkezpen ekitaldia joan den otsailaren 21ean egin zen Baionako Pirinio Atlantikoetako Lanbide eta Artisautza Ganberan, eta gure ikastetxeko, Bideko Ama Birjinaren IIPko eta Elizondoko Lanbide Eskolako irakasleak eta ikasleak bertaratu ziren, Nafarroako Gobernuko ordezkariekin batera.
Forma NAEN Akitania Berria, EAE eta Nafarroa eskualdeen artean abian jarritako ekimen berri bat da, 2020-2022 biurtekorako lanbide heziketaren arloko prestakuntza eskaintza kualifikatu eta espezifiko bat garatu nahi duena, mugaz gaineko agertokira egokitua eta gazteei benetako enplegu aukerak eskaintzeko gaitasuna duena. Proiektu honen xedea azterlanak eta analisiak egitea da – Tituluak baliozkotzeko, gaikuntzak parekatzeko eta abar –, bai eta prestakuntza modulu praktikoak formulatzea ere.